PORTADAALBISTEAKNORTZUK GARAEKIMENAKARGAZKIAKLOTURAKKONTAKTUARSS
Kontrolatzen gaituzte! Stop kontrol!
Presoen Aldeko Taldeak (PAT) / Berria [07.04.02 - 21:28]

Teknologia berrien eta kontrolaren inguruko erreportaia interesgarria ekarri zuen atzokoan Berriak.

-Espioitza kasu berriak salatu ditu Askatasunak [2007-IX-7]
-Donostiako hiru gazteri egindako entzunketak salatu ditu Askatasunak [2007-VIII-24]

Hormek belarriak dituzte
Espioitza politikoa isilpeko jarduera da, baina zantzuek erakusten dute Euskal Herrian indarrean dagoela oraindik ere, teknologia berriek eta abagune politikoak ahalbidetuta.

spioitza politikoa Euskal Herrian ez da filmetako gaia, ez eta iraganeko kontua ere. Alderantziz: azken urteotan, teknologia berriek erraztu dute zerbitzu sekretuen lana. Garai batean ehunka poliziaren lanaren ondorioz lortzen zuten informazioa erraz eskura daiteke orain teknologiak eskaintzen dituen baliabideei esker.

Gertaerek, behintzat, hori erakusten dute. Joan den urtarrilaren amaierako egun batean, ezker abertzalearen negoziazio batzordearen aholkulari Unai Fanok zerbait arraroa sumatu zuen autoan. Kolpeleungailuaren eta matrikularen artean tramankulu bitxi bat aurkitu zuen. GPS bat zen, autoaren mugimenduak kontrolatzeko gailua.

Otsailaren 1ean, ezker abertzaleak agerraldia egin zuen Bilbon, gertatutakoaren berri emateko. Fano ere han egotekoa zen. Hara zihoanean, ordea, guardia zibilek geldiarazi eta atxilotu zuten, eta autoa goitik behera arakatu zioten. Gero, aske utzi zuten.

Handik gutxira, otsailaren 8an, Bruselako egoitzan «espioitza politikoa» egiten ari zirela salatu zuen Batasunak. Urtarrilaren 23an egoitzako batzar aretoko horma batean aurkitutako tresna erakutsi zuten, entzuketak egiteko balio duen gailu digital konplexu bat.

Etxebizitzako argi instalaziotik hartzen zuen argindarra, transformadore baten bitartez. Mikrofonoa, berriz, zinta zurian bilduta zegoen, eta digitala zen. Horrek esan nahi du, urrutitik piztu ostean, inguruko audio seinale guztiak hartu, digitalizatu eta bidaltzeko gauza zela, eta, beraz, datuak hartu eta deskodetzeko gune bat izan behar zutela zelatariek handik gertu. Horren atzean Espainiako zerbitzu sekretuak egon zitezkeela salatu zuten Batasuneko kideek, besteak beste han topatutako telefonoak Espainiako Movistar konpainiaren txartela zuelako.

Ez dira gertaera bakarrak. Aurretik ugari izan dira. Ezaguna da Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiari egindako entzuketen auzia, zeinean Ertzaintzako hainbat arduradun kondenatu zituzten. Ezker abertzaleak behin baino gehiagotan salatu izan ditu entzuketak eta jarraipenak, eta CESID agertu izan da nahastuta azalera atera ahal izan diren hainbat kasutan.


Abagune egokia
Ezker abertzaleko iturrien arabera, Euskal Herriko gaurko egoera politikoa, ETAren su-etena, eragileen arteko elkarrizketak eta zenbait indarrek abian jarri nahi duten prozesu politikoa «abagune ezin egokiagoa» dira zerbitzu sekretuen lanak indar berria har dezan. Izan ere, negoziazio prozesu guztietan berebiziko garrantzia dute beste aldearen planteamenduak ezagutzeak, haren indarra neurtzeak eta oinarri sozialen eztabaiden berri izateak.

Beste aldetik, egungo egoeran, ezker abertzalearen iritziz, zuzendaritzaren mugimenduen berri izateak bezainbesteko garrantzia du oinarriei tenperatura hartzeak. Horrek, eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerek, herritar multzo handi batera hedatzen dute zelatatua izateko arriskua.

Beharbada, lehen esandakoak azalduko luke espioitza politikoak azken urteotan hartu duen indarra. Ezker abertzalearen egitura eta oinarrri militanteak dira xede nagusia. Berriki ezaguturiko kasuei buruzagi eta militante askori egindako segimendua gehitu beharko litzaieke. Zenbait elkarte eta erakunderen kontra abian jarritako auzibideen ondorioz, gaur egun ehunka dira epailearen aginduz kontrolaturiko telefonoak.

Baina espioitza politikoa harago doa. Ezagunak dira Josep Lluis Carod Rovira Kataluniako ERCko buruzagiari egindako jarraipenak eta buruzagi horrek ETArekin izandako bileraren filtrazioa. Eta Euskal Herriko zenbait alderdi eta eragileren artean ohikoak dira susmoak eta usteak, horren inguruko frogak topatzea oso zaila den arren.

Rafa Larreina Eusko Alkartasuneko antolaketa idazkariak, adibidez, nahiko argi dauka. M-11n Madrilen gertatutako leherketen harira, El Mundo egunkariak informazio bat plazaratu zuen, atentatuak jazo eta gutxira Otegik, Larreinak, Ibarretxek eta Carod-Rovirak telefonoz izandako elkarrizketen berri zekarrena. «Beharbada, norbaitek pentsa dezake Otegiren telefonoa kontrolatuta zegoelako gertatu zela hori », adierazi du Larreinak, «baina informazio horretan agerturiko datuen arabera, argi ikusten da lehendakariaren eta bion arteko elklarrizketa ere kontrolatu zutela».

Batzuetan, gauza xelebreak ere gertatzen dira: «Duela gutxi, lagun batek telefonoz deitu zidan, eta Carlos Garaikoetxearen telefonoa agertu zitzaion. Bitxia da, are gehiago kontuan hartuta Garaikoetxearen telefonoa, lagun horrena eta nirea telefono etxe desberdinetakoak direla».

Larreinak argi dauka horrelako jarduerak «intimitaterako eta komunikazioen pribatutasunerako eskubideen kontra» doazela. «Eskubide horiek zuzenbide estatuaren oinarrian daude, eta horrek huts egiten badu, zerbait garrantzitsuak egiten du huts». Horren aurrean «zuhur» jokatzea da irtenbiderik onena. «Guk neurriak hartzen ditugu, horretaz luzatzea komeni ez bada ere. Nik uste dut politikari guztiek dakitela zenbait batzarretara sakelako telefonoa eramatea ez dela oso komenigarria».

Alderdiek ez ezik, sindikatuek ere badute eskarmenturik arlo horretan. LABen prentsa bulegoak adierazi duenez, sindikatu abertzalea askotan izan da Espainiako Estatuaren indar polizial eta militarren espioitzaren helburu, «eta Lakuako gobernuaren indar polizialak ere horretan ibili dira».

Kasurik nabarmenena LAB sindikatuko idazkari nagusi Rafa Diezena da: «Aukera Guztiak ekimenaren aurkako ikerketa politikoaren inguruan sortu ziren lehenengo susmoak eta ebidentziak: Diezen hainbat bilera eta dei kontrolatuak izan ziren. Hori astindu ondoren, jakin genuen sindikatuaren hogei ordezkari eta egoitzaren telefono zenbakiak kontrolatuak zeudela».

Sindikatu abertzalearen arabera, zaila da horrelakoak frogatzea, baina zantzuak hor daude: «Ez da susmoa, ikusi ikusten dugu. Gure egoitzen inguruan, telefonoetan entzuten diren zaratak, posta elektronikoetan gertatzen diren gauza arraroak, egoitza batean botatako zarama furgoneta batean eramaten zutela ikusi genuenekoa eta abar».


Frankismotik gaur arte
Espioitza politikoak itzal luzea du Euskal Herrian. Frankismoaren garaian, Brigada Politiko Soziala aritzen zen horrelakoetan, erregimenaren kontra ziharduten erakundeak borrokatzeko. Helburuak, normalean, epe motzekoak izaten ziren: ahalik eta militante gehien atxilotzea.

70eko hamarkadan, gauzak aldatzen hasi ziren. Luis Carrero Blanco Espainiako gobernuburuaren bultzadaz, SECED edo Dokumentazio Zerbitzu Zentrala sortu zen, 1972tik 1976ra aritu zena. Operazio konplexuagoak burutu zituen, horien artean, ETA(pm)-ren zenbait komando atxilotu eta desegitea, Mikel Lejarza El Lobo infiltratuari esker.

Gaiaren inguruan argitaratu diren zenbait libururen arabera, SECEDen adar bat egon zen Jose Luis Beñaran Ordeñana Argala ETAren militante historikoaren hilketaren atzean.

1977an, CESID (Defentsako Informazio Goi Zentroa) sortu zen. Haren izena behin baino gehiagotan agertu da hedabideetan, askotan, eskandaluei eta kontu ilunei lotuta. Hor daude, esaterako, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen saioan ustez izandako parte-hartzea, Perote auzia edo Mengele operazioa.

Euskal gatazkari dagokionez, 80ko hamarkadan zerbitzu sekretuen eta zerbitzu operatiboen zeregina uztartu egiten zen askotan, eta helburua, batez ere, ETAren kontrako borroka zen. Orduko informazioek askotan lotu zuten CESIDen jarduera GALen ekintzekin. 90eko hamarkadan auzitegietan hala frogatu zen.

90eko hamarkadaren hasieran, CESIDek azpiegitura sendoa zuen Euskal Herriko lau hiriburuetan. Orduan hasi zen alderdi politikoen kontrako espiotza. 1998an, Herri Batasunaren Gasteizko egoitzan ustez egindako entzuketen auzia plazaratu zen. Alabaina, ezker abertzalea ez zen zerbitzu sekretuen jomuga bakarra. Beste zenbait alderdi eta instituzio ere espioitzaren xede bilakatu ziren, eta EAEko Lehendakaritza ez zen salbuespena izan.

Garai horretan, CESIDen lana ez zen mugatzen ekintza operatiboen osagarri izatera. Garrantzi estrategiko handiko operazioak jarri zituzten abian, giza baliabide ugari eta tresneria konplexua eskatzen zutenak.

Mende berriarekin batera, teknologia berrien gorakadak asko aldatu zituen gauzak. Sakelako telefonoak ohiko bilakatu ziren, SMS mezuak ere berdin, eta Interneta eguneroko lan tresna izatera igaro zen. Horrek, eta espioitza egiteko sorturiko teknologiaren bilakaerak, izugarri aldatu zuten espioitza politikoaren garapena. Irailaren 11ko erasoen ostean mundu osoan hedatutako giroak lagundu zuen horretan.

2002an CNI Espainiako Inteligentzia Zerbitzua sortu zen. Horrekin, Espainiako zerbitzu sekretuak Europakoekin parekatzea bilatzen zuten, hots, zerbitzuok desmilitarizatu eta profesionalizatzea.

Gaur egungo zerbitzu sekretuek garrantzi handiagoa ematen diote informazioaren analisiari, gai operatiboei baino. Hori dela-eta, espiaren profila ere aldatu da. Garai bateko polizia edo militarrek dagoeneko ez dute balio. Orain, profesionalak bilatzen dituzte,unibertsitate ikasketak egindakoak, informatika eta teknologia berriak menperatzen dituztenak. Hizkuntzak jakitea ere behar-beharrezkoa da; batez ere, goraka datozen hizkuntzak (arabiera, txinera) eta, Euskal Herrian arituko direnen kasuan, euskara.

Espainiako zerbitzu sekretuen jarduera ez bezala, Frantziakoenak oharkabe antzean igaro da orain arte. Greenpeaceren Rainbow Warrior itsasontziaren kontrako operazioa albo batera utzita, eskandaluek ez dute zipriztindu. Mundu gerretan eta Aljeriako gerran zaildutakoak dira, eta, hortaz, Espainiakoak baino profesionalagoak eta eskarmentu handiagokoak dira.

Zerbitzu horiek Euskal Herriko gatazkan izandako parte-hartzearen inguruan ez da informazio askorik plazaratu, baina pentsatzekoa da horretan aritu eta aritzen direla gaur ere.


Zalantzak argituz
Sakelako telefonoak eguneroko tresna bilakatu dira, baina erabiltzaileek zalantza asko izaten dituzte horien segurtasunaren inguruan. Hona hemen horietako batzuk.

-Beste inork entzun al ditzake sakelako telefonoen bidezko elkarrizketak? Bai, gainerako telefonoekin gertatzen den bezala. Legezko entzuketa bada, epailearen aginduz egiten da. Baina badaude bestelako tresnak, alde zehatz bateko telefonoen seinaleak har ditzaketenak. Gero, lortutako informazio guztia azter daiteke, jarraitu beharreko telefonoaren datuak aukeratzeko. Gertuen dagoen errepikagailuaren eta telefonoaren arteko geruza moduko bat sortzen dute horrelako tresnek.

-Zer informazio mota eskura daiteke telefono kontrolatuetatik? Deien edukia atzeman daiteke, bai eta dei horiek noiz egin diren ere, nori zuzenduak izan diren, eta, 50 metro gorabehera, zein lekutatik egin diren. Telefonoan egon daitezkeen argazkiak, SMS mezuak, kontaktuak eta abar ere eskuragarriak dira.

-Telefono itzaliek datuak bidal al ditzakete? Telefono arrunten kasuan, ez. Telefonoa noiz eta non itzali den baino ezin da atzeman. Hori bai, datu horiek ere esanguratsuak izan daitezke. Kontrolatutako zenbait telefono ordu eta leku berean itzaltzen badira, lagun horiek batzarra egiten ari diren seinale izan daiteke.

-Piztuta dagoen telefonoak, nahiz eta ez erabili, datuak bidal al ditzake? Bai, eta, gainera, mikrofono gisa ere erabil daiteke, inguruko elkarrizketak atzemateko, deirik ez egin arren.

-Nolako datuak gordetzen dituzte telefono operadoreek? Kontraturik baldin badago, kontratua sinatu ahal izateko ematen diren ohiko datuak, hots, izena, kontu korrontea eta abar. Kontraturik ez badago, telefonoa noiz eta non aktibatzen den. Edonola ere, legeak urtebetez zenbait datu gordetzera behartzen ditu operadoreak, hala nola dei eta mezu guztiak noiz eta non egin diren, zenbat iraun duten, hartzaileen datuak eta buzoiaren edukiak.


Aho biko ezpata
Segurtasunaren eta pribatutasunaren arteko borrokan, teknologia berriak herritarrentzat babes edo arrisku bilaka daitezke, erabiltzeko moduaren arabera.

eknologia berriek babestu egiten gaituzte, ala babesgabeago bilakatzen gaituzte? Galderak ez dauka erantzun bakar bat. Elkarte eta erakunde askok behin baino gehiagotan salatu dute teknologia berriek kontrol soziala areagotzen dutela eta George Orwellek 1984 eleberrian iragarritakoa inoiz baino gertuago dagoela.

Arabako Gasteizkoak erakunde antimilitaristak, esaterako, txostena plazaratu zuen 1997an, kontrol sozialerako bide berrien arriskuaz ohartarazi guran. Zenbait hedabideren jarduera edo legeria «kontrol sozialerako tresna berritzat» jotzeaz gain, teknologia berriekin loturiko bestelako erremintak ere aipatzen zituzten txostenean: telefono bidezko elkarrizketen entzuketa legezko zein legez kanpokoak, etxebizitza pribatuetan kokaturiko kameren erabilpena, postaren kontrola eta abar.

Ertzaintzari atal berezia eskaintzen zion Gasteizkoak taldeak bere txostenean. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak 1995ean eta 1996an erositako tresna teknologiko berrien zerrenda zekarren aipaturiko txostenak: bideokamerak, leku zaratatsuetan entzun ahal izateko hargailuak, ahotsak ezagutzeko sistemak, aurpegien ezaugarriak kodifikatzekoak eta abar. Era berean, prentsan agerturiko zenbait albiste jasotzen zituen, den-denak Ertzaintzak ustez egindako entzuketa edo jarraipenen ingurukoak.

Geroztik, Gasteizkoak taldeak ez ditu berriztatu txostenean agerturiko datuak, baina pentsatzekoa da teknologiaren erabilerak arlo horretan ez duela etenik izan. Joan den martxoaren 5ean, gaia berriro atera zen plazara, jakinarazi zutenean Ertzaintzak Bizkaiko egunkari bateko kazetari baten telefono deiak arakatu zituela 2006an, haren informazio iturriak identifikatu nahian.


Teknologia eta legea
Silvia Renteria Robotiker enpresako Infotek guneko teknologia arduraduna da. Haren ustez, teknologia berez ez da ona edo txarra. Tresna bat baino ez da, eta horren erabilera egokia edo desegokia izan daiteke. Askotan, legeriaren eta teknologiaren arteko leizea izaten da arazoa.

«Ikerketa izaten da abiapuntua», dio Renteriak. «Hortik lortzen diren teknologia guztietatik, batzuk egokiagoak izaten dira zenbait arazori erantzuteko, eta, beraz, horiek garatu egiten dira, eta, normalean, produktu bat izaten da ondorioa. Baina askotan teknologia edo produktu horrek ez dauka lege babesik, hau da, ez dakigu hori erabiltzea legezkoa den ala ez, eta legezkoa ez denean, ez dago definiturik hori delitua ote den eta nolako zigorra ezarri behar den. Askotan teknologia legearen aurretik joaten delako gertatzen da hori».

Egoki erabiliz gero teknologia norberaren intimitatea eta segurtasuna babesteko tresna eraginkorra izan daitekeela uste du Renteriak: «Biometriak, esaterako, pertsonak ezagutzen ditu, norberaren ezaugarri biologikoren bat aintzat hartuta, adibidez, hatz markak edo begiaren irisa. Kontu korrontean eragiketak egiteko edo kreditu txartela erabiltzeko, beti izango da seguruagoa horrelako identifikazio sistemaren bat erabiltzea, edozeinen eskuetan eror daitekeen zenbaki bat erabiltzea baino».

Baina horrek ere badu ifrentzua: «Txanponaren beste aldea da gaizki erabiliz gero askoz arriskutsuago izan daitekeela. Kreditu txartelaren zenbakia ardura gabe erabiltzen badugu, batzuen eskuetan eror daiteke. Sarean berdin jokatuz gero, aldiz, milioika lagunek izan dezakete horren berri».

Azken urteotan, sareak sekulako garrantzia hartu du eguneroko bizimoduan. Askoren ustez, sarea da, hain zuzen ere, herritar arruntaren pribatutasunerako mehatxurik handienetako bat. Renteriaren ustez, ordea, «sarea ate bat da. Inori ez zaio bururatzen etxeko atea zabalik uztea, lapurren bat sar daitekeelako. Eta Internetekin berdin gertatzen da».

Renteriak dioenez, sareko gune batzuk oso seguruak dira, «zenbaiten negozioa eta izen ona horren pentzutan daudelako, esaterako, bankuenak edo zenbait administrazio publikorenak. Arrisku egoera gehienak erabiltzaileen ezjakintasunaren ondorioz sortzen dira. Nik uste dut jendea, oro har, larregi fidatzen dela Internetekin».

Berdin esan daiteke sarearen bidez egindako erosketei dagokienez: «Horretan aritzen diren gune nagusiak, ospea eta ibilbide luzea dutenak, eBay esaterako, seguruak izaten dira, izen ona dutelako eta zaindu egin behar dutelako. Baina, noski, ezagutzen ez dugun Interneteko edozein dendari Visaren zenbakia ematea arriskutsua izan daiteke».


Biometriaren sekretuak
Robotikerrek lantzen dituen arloen artean, haien zuzen, haien bezeroen segurtasun digitala dago: nortasun birtualaren kudeaketa, biometria, eta pribatutasunaren eta fidagarritasunaren kudeaketa, hain zuzen.

Horien artean, biometria izan daiteke ezagunena, «filmetan askotan agertu delako», Renteriak dioenez. Berezko ezaugarriei esker norbait identifitatu ahal izatea da biometria. Ezaugarri horiek hatz markak, begiak, ahotsa edo besteren bat izan daitezke.

Gaur egun, teknologia horiek erabiltzen dituzte zenbait lekutan, sartzeko edo ordenagailua abiarazteko. Hala ere, Renteriaren arabera, biometriaren inguruan dena ez da filmetan erakusten duten bezalakoa: «Biometriaren gaur egungo teknologiek norberaren esku-hartzea eskatzen dute. Irisaren bidezko identifikazioan, esaterako, begia sentsore baten parean jarri behar du erabiltzaileak. Baina filmetan ikusten dugun hori, hots, aireportu batean dagoen norbait urrutitik identifikatzea, gaur egun ez da oso erreala».

Nortasun birtuala, berriz, kontzeptu lausoagoa da. Renteriaren arabera, «norberak Interneten erakusten duen aurpegia» da, eta aldatzen da zerbitzu batetik bestera. «Esaterako, guk Osakidetzari datu batzuk ematen dizkiogu, bankuari beste batzuk, eta enpresari beste batzuk. Eta begi bistakoa denez, datu horiek ez dira berberak. Osakidetzak ez du zertan jakin gure kontu korrontearen zenbakia, eta enpresak ez du zertan gure gaixotasunen berri izan».

Hemen ere, Renteriak dioenez, errealitatea eta filmetan ikusten dena ez datoz beti bat: «Interneten bidez eraso dakioke gure pribatutasunari, bistan denez, baina ez da dirudien bezain erraza. Norbaiten ordenagailura ailega daiteke, baina hilabete askotako lana da, eta nahiko gauza zehatzak izaten dira. Komunikazio guztiak kontolatzea ezinezkoa da. Normalean, pribatutasunaren kontrako erasoak indiskriminatuagoak izaten dira, spam izenekoak eta antzekoak».

Segurtasunaren arloan, nolako produktuak eskatzen dituzte enpresek? «Batez ere, beren datuak seguruak izatea nahi dute enpresek, inork ez eskuratzeko modukoak, eta barne komunikazioak ere seguruak izatea», uste du Robotikerreko arduradunak. Baina ezinezkoa da segurtasuna ehuneko ehunean bermatzea. Bitarteko teknikoez gain, giza baliabideak eta prestakuntza oso garrantzitsuak dira, adituen aburuz. «Birusen kontrako sistema indartsua jartzen badute baina enpresako kideek sistema hori indargabetzeko aukera baldin badaukate, ez du ezertarako balio. Hortaz, bitarteko teknikoak bezain garrantzitsua da erabiltzaileen heziketa eta kontzientziazioa».

Renteriak nabarmendu du teknologia berrien gainean hartzen den jarrera oso garrantzitsua dela arazoak ekiditeko. «Batzuek uste dute ez dagoela inolako arriskurik. Jarrera hori ez da oso gomendagarria. Beste batzuk kontrako muturrean daude, eta arriskuak ikusten dituzte leku guztietan. Hori ere ez da horrela izaten. Eta gero, multzo handi bat dago informazio falta izugarria daukana. Gauza guztietan bezala, oreka bilatzea da gakoa. Arriskua beti dago, kontua da neurriak hartzea».


Amaraunean zelatan
Internet bidezko komunikazioak kontrolatzeko programa lantzen ari dira Europako hiru estatu, AEBek Carnivore programarekin egin zuten antzera.

Mezuak kontrolatzeko programa berria lantzen ari dira Espainia, Frantzia eta Italia: Operazio Adimen Semantikorako Azpiegitura (OSEMINTI). Komunikazioak kontrolatzea da horren helburua, eta «segurtasunerako arriskutsuak» izan daitezkeen mezuak detektatu eta ulertzea.

Horretan datza, hain zuzen, programa horren berritasuna. Mezu elektronikoetan eta telefono bidezko elkarrizketetan, ustez arriskutsuak eta delituen zantzuak izan daitezkeen hitzak detektatzea erraz samarra da, teknologia berriei esker. Baina programa horrek, horrelako berbak edo esaldiak detektatzeaz gain, ulertu ere egingo ditu. Are gehiago: jardunaren jardunaz, ikasi ere egingo luke programa hori instalatuta daukan ordenagailuak.

Espainiako Ministroen Kontseiluak 2006ko abenduaren 26an onartu zuen programan parte hartzea. Egitasmoak bi urte iraungo du, eta Frantzia da gidaria. Espainiak 928.000 euro gastatuko ditu urtean, 2007tik 2009ra. Orotara, 1.856.000 euro (aurrekontu osoaren %30).

Europako zenbait estatuk horrelako proiektu bat garatzen duten lehenengo aldia da, baina Internet bidezko mezuak kontrolatzeko nahia askoz lehenagokoa da, eta, batez ere, AEBetan garatu dute. Horren adibiderik behinena Carnivore izeneko programa da. Zenbait adituren arabera, Europako OSEMINTI egitasmoa Carnivore programa harago eramateko saioa baino ez da, eta, dagoeneko, eskubide zibilen aldeko zenbait web gunetan EuroCarnivore izena erabili izan dute egitasmo berria izendatzeko.


Haragijalearen apeta
Estatu Batuetako FBI Ikerketetarako Bulego Federalak asmatu eta garatutako sistema da Carnivore. Iritzi publikoak 2000ko uztailaren 11n izan zuen horren berri, baina, seguru asko, askoz lehenagotik erabiltzen zuen FBIk, horri buruzko informaziorik inoiz eman ez badu ere.

Carnivore sistema erabili ahal izateko, epailearen agindua behar zuen FBIk. Behin hori lortuta, ISP edo Interneterako zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa baten zerbitzarian kokatzen zuten, eta sistemak susmagarriaren mezu elektronikoak arakatzen zituen, irizpide batzuen arabera. ISP horietako batek uko egin zion Carnivore sistema ezartzeari 2000ko uztailean, eta, horri esker, agerian gelditu zen ordura arte sekretupean gordetako sistema.

Geroztik, eskubide zibilen aldeko zenbait elkartek gogor egin dute lan, Carnivoreren inguruko nondik norakoak argitze aldera. Horien artean, EPIC izenekoa (Intimitate Elektronikorako Informazio Zentroa) nabarmendu da gehien. EPICek epaitegietara jo zuen informazioa eskuratu nahian, eta, epaileen bi ebazpenen ostean, Carnivoreren inguruko FBIren zenbait txosten eskuratu zituen 2002an.

Txosten horiek aztertuta, ondorio kezkagarria atera zuen EPICek. Elkartearen aholkulari David Sobelen arabera, «Carnivore tresna boteretsua da, baina, aldi berean, oso traketsa, herritar errugabeen intimitatea arriskuan jarri duena».

FBIk beti ukatu ditu horrelako salaketak. Donald Kerr CIAren Zientzia eta Teknologia zuzendari izandakoak adierazi zuenez, «Interneteko mezuak bereiztea arazo konplikatua da, eta horixe da, hain zuzen, Carnivorek egiten duena. Baina Carnivorek ez ditu arakatzen lehergailuak eta drogak gisako hitz gakoak dituzten mezu guztiak. Mezuak aukeratzen ditu, epaileek beren-beregi emandako irizpideen arabera». Gaur egun, satelite artifizialen bidezko informazioaren kudeaketaz arduratzen den agentzia ofizialaren zuzendari da Kerr.

BEREZIAK







PUNTUEUS DOMEINUA

DESTINOAK
Euskal Preso Politikoen destinoak: info
Espetxeen helbideak: info
AGENDA
EPPKren borrokaldia
Euren eskubideen defentsan borrokaldia burutzen ari da Euskal Preso Polikoen Kolektiboa espetxeetan.
- iraila: informazioa
>> EPPKren agiria

Irailak 11, larunbata
Manifestazio nazionala Bilbon.
Denontzat eskubide guztiak Euskal Herri osoan!
>> informazio gehiago
>> atxikimenduak
>> abestia [mp3]

Irailak 24, ostirala
Azken Ostirala. Mobilizazioak herrietan.

Irailak 26, igandea
Bat Egin Eguna Altsasu-Urdiainen.
Eskubide zibil eta politikoen aldeko jaia.
>> informazio gehiago

Irailak 27, astelehena
Gudari Eguna.

Irailak 29, asteazkena
Azken Asteazkena. Mobilizazioak unibertsitatean.

Urriak 16, larunbata
Autodeterminazioaren aldeko jaialdi nazionala Ordizian.
Autodeterminazioa gauzatzeko unea iritsi da!
>> informazio gehiago
LOTURAK







LA HAINE SAREA







COPYLEFT 2010 | MUNDURAT SAREAN OSTATATUA